ERASMUS PROGRAMA: DAVID, GALESEN

2018-19 ikasturtean jarduera anitz izan ditugu Julio Caro Baroja institutuan Erasmus+ proiektuaren barruan; berorien artean, nik –jakintzagaiak hiru komunikazio-hizkuntzatan (euskara, ingelesa, gaztelania) irakasten ditudan filosofia-irakaslea nauzue– Cardiff hiria bisitatu nuen CLIL metodologia lantzen zuen ikastaro batean parte hartzeko. Hona hemen ikastaroaren izenburu osoa: COLLEGIALITY ACROSS CLIL: practical methodology for content and language integrated learning for secondary school teachers who teach subjects “bilingually” in English and for teachers of English who are involved in CLIL. Esan beharra daukat izenburu potolo horrek ondo baino hobeto deskribatzen duela bertan landu genituen edukien mamia, eta, halaber, ikastaroa bera benetan interesgarria –eta erabilgarria, batik bat– izan zela.

Ikastaroaren lehen atalean, harrera gisa, Gales herrialdearen testuinguru historiko eta kulturalari buruzko azalpen orokorrak eman zizkiguten. Parada izan genuen momentu horretan bertako hezkuntza-sistemaren berri jasotzeko, baina, egia esan, urriak –interesgarriak baziren ere– iruditu zitzaizkidan azken horri buruzko azalpenak, eta hango hizkuntza minorizatuaren –galesa– eskola-tratamenduaz sakonago jarduteko gogoarekin geratu nintzen.

Edozelan ere, ikastaroak CLIL eta collegiality (“koordinazioa”, apika, gurean) kontzeptuak aztertzea zuen helburu, eta zeregin horretan Diana Hicks irakaslea izan genuen gidari. Hicksek bere ikuspuntu teoriko eta praktikoa modu argi eta logikoan azaldu zuen: CLIL estrategiaren ohiko tresneria (scaffolding, BICS-CALP, HOTS-LOTS eta abar) hor agertu zen, baina, aldi berean, Hickesen planteamenduaren zenbait alderdi eta ñabardura berritzaileak eta are “bitxiak” iruditu zitzaizkidan, batez ere eguneroko nire/gure testuinguru akademikoarekin alderatuta.

Alderdi “bitxi” horien artean aipagarria oso deritzot Hickesek behin eta berriz azpimarratu zuen ikuspuntu honi: alegia, ezinbestekoa dela hizkuntza-murgilketaren estrategia CLIL estrategietatik era zorrotzean urrutiratzea. Lehenengoak zentzua du, irakaslearen esanetan, exijentzia-maila kultural sendoa dagoen testuinguru jakinetan, non 2. hizkuntzan murgiltzea, lehen maila akademikoetatik hasita, erlatiboki erraza izan daitekeen (frantsesaren kasua Kanadan, edota katalanaren, galegoaren eta euskararenak Espainian); ez dauka, ordea, zentzu berezirik ikasi-irakatsi prozesua atzerriko LWC (language of wider communication) baten bitartez –ingelesez, esaterako– gertatzea nahi denean. Hickesek, era kontsekuentean, bizikiro azpimarratzen zuen ikasgelako gure jardueretan alderdi kognitibo-erreflexiboen lehentasunaren alde egin behar dela, alderdi linguistikoen “kaltetan” bada ere; hortaz, gure irakasleak onartzen zuen posible eta are beharrezkoa dela askotan ikasleari de facto bere hasierako kognizioa L1ean –ama-hizkuntzan– gauzatzen uztea, eta ez beti L2an –irakaslearen “helburua” den hizkuntzan. Bestalde, Hickesek zioen murgiltze-estrategiak CLIL metodologia (“ondo” burututakoa, hori bai) baino elitistagoak ohi direla: CLIL metodologiaren betebeharra, berez, integratzea da (pertsonak, hizkuntzak), eta ez oztopatzea edota disgregatzea.

Collegiality nozioari emandako atalean, Hicksek sine qua non baldintzatzat jotzen zuen hainbat heziketa-agenteren inplikazio aktiboa. Alde batetik, eskoletako zuzendaritza-taldeek hezitzaileen arteko parte-hartze ez-lehiakorra sustatu behar dute; esate baterako, espazioak eta denborak antolatuz, non irakasleek estrategiak, esperientziak, aurkikuntzak edota zailtasunak partekatu ditzaketen. Hori, Hicksen iritziz, aldizkako bilera ez oso luzeen bidez gauzatu liteke; ikastaroaren hizlariak, aldi berean, derrigorrezkoa zeritzon bilera horietan eskoletako zuzendaritza-ordezkarien presentzia fisiko eta aktiboari. Bestetik, CLIL irakasleak ezinbestekoa du hizkuntza-irakasleekiko koordinazioa: era bateratuan eman behar dira gramatika-edukien curriculum-sekuentziazioa eta kontzeptu-edukiek exijitzen duten hizkuntza-maila. Zentzu horretan, nekez atera ahalko zaio probetxu, adibidez, ikasgelan ingelesez eduki filosofikoak lantzeari, noiz eta ikasleek eduki filosofiko horien adierazpenari dagozkion hizkuntza-egitura hipotetikoak oraindik ere ez dituzten asimilatu.

Diana Hicksek testu idatzien ulermenean oinarritutako irakaskuntzaren garrantzia ere azpimarratzen zuen, eta oso estrategia interesgarriak eskaini zituen alderdi pedagogiko hori ikasgelan lantzeko: “text-attacking strategies” deitzen zien, berauek irakurketa lineal-“nobelistikoa” sustatzeko planekin alderatzeko asmoarekin. Testuinguru horretan chunk edota text-scanning bezalako kontzeptuak aipatu ziren, bai eta antolatzaile grafikoak era irudimentsuan erabiltzeko estrategiak eman ere.

Horiek ziren, oro har, ikastaroaren puntu nagusiak –edo niri neuri, behintzat, atentziorik handiena eman zidatenak–; ziur nago, hala ere, gauza ugari esan gabe utzi ditudala, edo, beharbada, ez ditudala modu guztiz egokian adierazi.

Oso esperientzia aberasgarria izan zen, eta aukera paregabea eman zidan eguneroko nire jardunaz hausnartzeko, eta, bueltan, dinamika-mota batzuk praktikan ipintzeko. Espero dut, hori bai, etorkizun ez oso urrun batean abagunea edukitzea, modu antolatuan, hemengo nire coleagueekin ikasitakoak partekatzeko.

Eskerrak eman nahi dizkiet ikastaroko nire ikaskideei –Andrea, Audun, Bjørn, Carlo, Jon: profesional (eta pertsona) bikainak zarete!–, ikasgelan (eta ikasgelatik kanpo) sortu zituzten debate benetan interesgarriengatik: hizketaldi horiei esker heziketa-praktika eta hezkuntza-sistema ezberdinen berri izan nuen. Eskerrik asko!

Honatx ikastaroko argazki bat:

David Díaz Tabera

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s